XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Miarritze, bigarren postuari eustera Toulonen

BEHINGOZ irabazteko premiarik gabe joka dezake gaur Miarritzek Toulonen (15:00), garaipena ongi letorkiokeen arren.

Premia larria duena, aitzitik, Toulon da.

Mediterraneokoak seigarren dira, 27 punturekin, eta postu horrek ez die ziurtatzen Top 16ra sartzea.

Beraz, Miarritzek ongi profita dezake aipaturiko lau talde horien arteko borroka.

Hurrengo faseari begira jarrita, Top 16ra sartuko diren taldeak 1etik 16ra sailkatuko dira Ligan lorturiko sailkapenaren arabera.

Haiek lau taldeko lau multzotan ariko dira ligatxoan.

Gero, aurreneko biek lortuko dute final-laurdenetarako txartela.

Horrela, lauko multzo bat 1., 8., 9. eta 16. sailkatuek osatuko dute, eta gainerako hiru multzoak tankera horretan.

Miarritze bigarren postuan egonik (31 p.), Toulonek baino 91 tanto gehiago egin ditu eta 61 gutxiago egin dizkiote.

Joaneko partidan, 19-17 irabazi zuen Miarritzek Aguileran.

Ohikoak diren Gonzalez eta Versaillesen lekuan, Beraxategik eta Lefevre ariko dira.

Hamabostekoa: Puleoto-Beraxategi-Irazoki, Lefevre-Roumat, Betsen-Matiu-Milheres, Darritchon-Mazas, Artola, Coeurveille, Bonetti, Bernat-Salles eta Bidabe.

Baiona Valencen ariko da

Sailkapena ziurtatzeko presioa aldendu gabe bisitatuko du Baionak Valence 16. jardunaldiko lehian (15:00).

Baiona 4. da (29 puntu) eta Valence 8. (27 p.).

Kanpoan baten bat irabaztea du beti xede Baionak.

Horregatik, ez du derrigor irabazi beharrik. Joanekoan, Baionak irabazi zuen, 23-19.

Balmaren kontra ez zuten ikusgarri jokatu baionesek, baina jokoa sortzeko aukerak izan zituzten, gero gauzatu ez bazituzten ere.

Bestalde, lapurtarrak hazi egiten dira partida bihurrietan.

Polidori, Maillot, Astarloa, Leconte eta Eiheratxar ez dira hasieratik ariko, eta bai Bujaldon, Meyras, Cojocariu, Noblia eta Etxeto.

Nazional 1eko 17. jardunaldian, Donibane-Lohizunek Graulhet liderra hartuko du (15:00).

Graulhet Elite 2an aritua da, eta hara itzuli nahi du.

Joanekoan, 9-6 Baiona galtzaile. Maulek Olorue hartuko du (15:00).

Olorueri irabazi egin zion Garazik igandean, eta puntuak lortzera joango dira.

Joanekoan, 52-24 nagusi biarnesak.

Baigorrik irteera bihurria du Bagneresera. Joanekoan, 10-0 nagusi nafarrak. Bokalek Saint-Gironsen jokatuko du: joanekoan 27-6 irabazi zuen.